XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Izeba Florence eta haren neba elkarri begira geratu ziren.
Johnek aitaren giltzaz zabaldu zuen elizako atea seietan.
Arratseko elizkizuna zortzietan hasten zen ofizialki, baina edozein unetan has zitekeen, Jaunak santuren bat elizara otoitz egitera bultzatzen zuen unean.
Baina gutxitan iristen zen inor zortzi t'erdiak baino lehenago, Jaunaren Izpiritua nahikoa tolerante izanik santuei denbora ematen baitzien larunbat arratsaldeko erosketak egin, etxeak txukundu eta umeak ohera zitzaten.
Eliza ilun zegoen; hiribide jendetsuan inguruko argiak pizten joan zitzaizkion harako bidean, eta eguzki argia desagertu zen.
Bazirudien oinak zurezko zorura iltzatuta zeudela, ez zutela beste urrats bat ere egin nahi.
Elizako ilunak eta isiltasunak, epaia bezain hotzak, zirrara eragiten zioten, eta leihotik oihuka aditzen zituen ahotsak beste mundu batekoak izan zitezkeen.
Johnek bere oinek zoru-ohol okertuen gainean egiten zuten kirrinkak adituz, aurrera egin zuen aldare-oihal gorrian zegoen urrezko gurutzeak sua bezala distiratzen zuen lekuraino, eta argi txiki bat piztu zuen.
Elizako airean beti egoten zen zintzilik hauts eta izerdi usaina; izan ere, amaren egongelako tapizekoa bezalaxe, eliza hartako hautsa gaindiezina baitzen; eta santuak otoitz egiten edo Jaunaren aintza ospatzen ari zirenean, haien gorputzetatik halako usain min hezea irteten zen, (...)